Literatura, Politika

Berri Txarrak Malasañan

Pneumopatologia: Ahantzi gara orekak ez duela balio lurrean gaudenean, memoria ezabatu egiten digutelako

Berri Txarrak taldeak bere azken lan hirukoitza Madrilen aurkezteko parada izan zuen pasa den ostiralean, Joy Eslava-n; atrezzo zoragarria, ezin uka, Fitzgerald-en The Great Gatsby girotzeko balioko zezakeen anfiteatro VIP erdi-zirkular eta guzti. Eta bai, hogeigarren hamarkadako festa amerikar pijo bat zirudien gauak. Bost euro ordaindu osteko hogei zentilitro garagardo eskuan, gafapasta-z –con las de Ruper basta (Lehendakaris Muertos)leporaino. Baina tira, Berri Txarrak izaki, azken LP (pop-rock), LP (pop-pop), EP (punk-pop) lanak asko ez konbentzitu arren, badu halako indar metafisiko erakarle bat taldeak. Zuzeneko bikaina dute, ez da dudarik; ondo defendatu zuten azken lana.

Bada, aho-zapore eskasarekin irten nintzen salatik. Ez `dituk´ lehengoak, jada. Atzean daude, oso atzean, stoner riff rockero apurtzaileak bai eta hitz errebeldeak ere. Popero bilaka direla? Betidanik izan du Berri Txarrakek pop kutsu argi bat; inplizitua zena esplizitu da orain. Bilakaera logikoa izan du taldeak. Are gehiago, esango nuke Helduleku guztiak LPa izen dela ondoen atera zaiena azken saiakera honetan. Ezin etor liteke kritikarik hortik. Armairutik irten daitezela, beraz, Berri Txarraken groupie eta, beraz, ezinbestean, poperoak direnak -eta hala ez direla diotenak-.

Agian hor dago arazoa, musika popularra estereotipo gutxiesgarri jakin batzuekin lotzen dela. Nekez izanen da kontra-hegemonikoa hegemoniko bilakatu den talde bat. Eta Joy Slavan sold out bat egiten duen taldea hegemonikoa denik ezin uka daiteke. Eta nire mingain mikatzaren jatorrizko arrazoia hor legoke: taldeak berak hegemoniko izaera hori ukatu nahi duen pertzepzioa dudala. Bob Marleyren redemption song Fresneseko espetxean jotzea egokia den heinean, Joy Slavan egiteak ez baitu zentzu handirik. Gehien bat publikoak berak ez duelako inolako erredentziorik eskatzen. Berri txarraken hegemonia facto eztabaidaezin bat da, Euskadi Gaztean behin eta berriz jartzen duten Lemak eta aingurak baitzen audientziak hobekien eta gogotsuen abestu zuen kanta.

Mugimendu kontra-hegemoniko, errebelde, iraultzaile eta, oro ar, gauzen egoeraren aurkakakoek badute trazu amankomun bat: atsekabearen /inkonformismoaren arrazoia munduak atxikirik daraman gaizkia da. Mundua hankaz gora egotearen arrazoia mundua bera da. Giza-ekintzaren bitartez, baina, lurraren berezko izaera horren aurka eginez, irits liteke erredentzioa (askapena). Mundua gaizki dago, baina gu ondo. Gu gara mundua alda dezakegunak. Kontzeptu erraz horri aplika dakioke edozein musika-talderi hegemoniko ala kontra-hegemoniko diren egiaztatzeko. Orain Denbora Da Poligrafo Bakarra, ordea. Hala dio Berri Txarrakek. Denborak, azkenean, egia azaleratzen du; gauza bakoitza bere tokian ipintzen. Munduaren logika ongia da, beraz. Hala iradokitzen da. Ahantzi gara “orekak ez duela balio lurrean zaudenean”, “memoria ezabatu” egiten digutelako.

Denbora ez da inolako poligraforik. Justu aurkakoa. Denborak ahantzi-arazi egiten du. Batik bat gaizki egin ditugun/dituzten gauzen aurkako edabea da denbora. Galde dezatela Euskal Herrian bertan (bilakaera politiko ikusezin eta amnesikoa dela-eta). Eta gizakia gaizkia egitera kondenatua dagoela dirudien honetan, bada poztasuna memoria txarrean dagoela dionik. Berri Txarrakek, esango nuke, badaki hori. Jakin zuen denbora ez dela inolako poligraforik, baina alde batera uzten du hori, bere literatur teoria berria aurrera ateratzeko; bizi garen munduari zentzu berri bat emateko ebidentea den ezaugarri bat alboratzen du, ezaugarri horrek berak goitik behera baldintzatzen duelako teoria bera. Friedrich Schelling filosofo alemaniarrak pneumopatologia gisa definitu zuen jokabide hori. Alegia, Piotr Kropotkinek elkarrekiko laguntzaren teorian oinarritu arren anarko-komunismoa, batek daki, Kropotkin berak benetan uste ote zuen gizakiaren izaera naturalak elkar-lana bultzatzen zuenik. Zelula indibidualistaren teoria onartzeak, bada, anarkismoaren teoria erro-errotik popatik hartzera bidaltzen du, anarko-kapitalismoa ez den heinean.

Gentrifikazio-prozesu bat jasan du Berri Txarrak taldeak. Madrilgo Malasaña auzo cool berriaren gisan. Junkie eta emagalduen auzo arriskutsua zena, luxuzko tabernez beteta aurki daiteke orain. Errebelde itxura hartu duten pijoz beteta. Batak ez du bestea kentzen. Prozesua ez da baztertzailea. Gorka Urbizu eta konpainiaren kapital musikalak hor dirau. Ez naiz sartuko kapitalista/antikapitalista dikotomia sinple eta faltsuan. Testuinguru kapitalistan bizi garen heinean, kontraesanetara kondenatuak baigaude. Payola eta Ikasten diskoen zein Sols el poble salva al poble kanta solteen ezkutuak askorako ematen du oraindik, etxeko bozgorailuetan. Zuzenean popa entzutera joan nahi dudan horietan Izaki Gardenak edota Ken Zazpi entzuteko ordainduko dut. Rock inkorfomista pixkat gura izanik, Gaitzek jotzen badu Azpeitiko Gaztetxean, askoz hobeto. Hau ez da behin ere gelditzen.

Standard

3 thoughts on “Berri Txarrak Malasañan

  1. Pingback: Berri Txarrak Malasañan - zuzeu.eus

  2. Borja says:

    Ez dakit (guztiarekin) ados nagoen. Ez dakit, ez baitut Schelling ez Kropotkin ezagutzen. Kontraesanez beterik nagoelako ni ere, akaso.
    Baina azkenaldian (askoaldian) irakurri dudan kritikarik onena dela ezin uka.
    Eta Berri Txarrak maite dut.

    • Bide batez, Kropotkin eta indibidualismoarena ez dut ondo azaltzen hor. Alegia, justu aurkakoa baita. Kropotkinek onartzen du Darwinismoaren tesi nagusia: bizirauteko borroka etengabea, baina borroka horretan animaliek elkar-laguntzen dutela nabarmentzen du -darwinista askoren aurka-: elkar-laguntza (oso oso sinpleki esanda). Suposatzen da, Pneumopatologia ezin aplikatu ahal dela Kropotkin naturalistarengan. Bere behaketak, zuzenak ala ez, zientifikotzat zituelako Kropotkinek.
      Hala ere, uste dut, Kropotkinekin asmatu ez arren, Schelling-en pneumopatologiaren funtsa ulertzen dela.
      Anarkismo indibidualista anarko-kapitalismoa baino ez dela ere oker galanta da. Interpretatzen baita, anarkia gizakienganako konfidantzan eta kooperazioan oinarriturik dagoen arren, horren guztiaren oinarrian indibidualismoa aurkitzen dela. Guztiok ondo bizi, “guzti” horretan “ni” nabarmenduz. Indibidualismo antikapitalista baina, jabetza pribaturik ez baita onartzen. Lurra, bertan lan egiten duenarentzat. `Autoritaterik onartzen ez dudan moduan, ni ere ez naiz inoren autoritate bilakatuko´. Oso oso sinpleki esplikatua, baina beharrezkoa, nik ulertzen dudan gisan.
      Gizakien arteko harremanetan hierarkia-erlazioak beti sortuko direla etab. ere onargarria da.

Leave a comment