kontaketak, Politika

Faxismoa, korrika

Dena da faxismoa justu aurkakoa kenduta. Hain subjektiboa ezen horren aurkakoa semantikoki bakarrik aurki daitekeen. Norbere burua antifaxistatzak duenak badaki antifaxismo hori bere barneko faxismoari aurre egiteko barne-borrokaren azaleratze bat dela

Testosterona gaindosi batekin gisan nabil azkenaldian. Korrika darabilt burua. Gora eta behera. Burua altxa eta gazte-kuadrilla bat udarako prestatzen; arineketan, jogging. Burua bajatu eta Azpeitian ere antxintxika ikuska ditzaket ezagun batzuk lekukoarekin konputagailuko pantailan barna. Burua atzera eta atzokoa oroitzapen: korrika. Korrika gazteak. Polizia militarizatuaren aurretik. Beste behin. Mila bat gazte, dozenaka milatik, “ekintza zuzena” leloa praxis gisa darabiltenak. Artaldea bailitzan UIP lechera-k dira artzain-txakur. Martxa inprobisatu antikapitalista Gran Vían gora doa –daramate-, dena kontrolpean dela dirudien ageriko konfiantza mesfidatiarekin. Pare bat tiro hots eta hasi dira batzuk lasterrez. Beste dozena bat oihu (a, anti, anti-kapitalista / hemen daude antifaxistak / Madril izango da faxismoaren hilobia), txalo (pla, pla, pla, pla, pla, pla, pla, pla, pla) eta akzioa. Ausazko Bankia kutxazain bateko kristalak airean, HyM arropa-dendako poltsa eskuineko eskuan eta ezkerrekoan mugikorreko obturatzailea kristalak erdi-puskaturik dituen polizia-auto bati apuntatzen: gaizki dagoelako baino oso guay-a delako, era berean, filmetan bezala (gizakiak biolentzia dosi jakin bat beharrezkoa izan balu gisan, filmek asebetetzen dutelarik apeta hori). Azpeitiko lagun batekin nago Madrilen eta bada ezpada ere tabernaren batera ihes egitea ebatzi dugu. Madril ilun eta lausoa polizia-indarrek okupaturik baitaukate.

Bi ostikada kontra-hegemoniko, biolentzia subjektiboa (Žižek) / zurra fisiko-psikologikoa eta kalabozoa, biolentzia legitimoa (Weber). Betikoa. Amaitu da kronika.

Eta faxistak edonon –faxista adiera, antifaxistaren antonimo recurrente moduan. Orain dela hilabete batzuk ezagun batek aholkatu zidan arren fascio hitza hogeigarren hamarkadako mugimendu italiar autoritariotik ez estrapolatzeko, analista politiko gisa-. Faxista katalanak –independentistak-. Andaluziako bozetan eurak ere parte-hartu beharko luketela eskatzen, andaluziar alfer madarikatuek euren dirutzak –Kataluniakoak– alperrentzako diru-laguntza moduan xahutzen dituztelako. Faxistak ipar Euskal Herrian. UMPk, PSk eta FNk boza baliodunen ehuneko hirurogeitik gora jaso dutelako bertan.

Faxistak denak. Batik bat betaurreko beltzak (esan beharra nuen). Dena da faxismoa justu aurkakoa kenduta. Estrukturala da faxismoa. Definitu ezina, beste abstrakzio lauso bat; bruma. Hain zehaztugabea ezen inork ez dakiela jadanik zer den. Txarra da faxismoa; gaizkia; subjektiboa, beraz. Hain subjektiboa ezen horren aurkakoa semantikoki bakarrik aurki daitekeen. Faxismoaren aurkakoa antifaxismoa da. Norbere burua antifaxistatzak duenak badaki antifaxismo hori bere barneko faxismoari aurre egiteko barne-borrokaren azaleratze bat dela. Feminismoarekin, anti-arrazakeriarekin, anti-kapitalismoarekin etab. Jazotzen den moduan. Feminista naiz nire barruko matxismoa erauzteko jokabide moduan, aitortzen dudalarik, inplizituki bada ere, existitzen dela matxismo estruktural bat nigan.

Psikoanalisiaren oinarrizko aplikazio labur bat izan zitekeen aurrekoa, edota gero eta nabariagoa den nihilismo baten zantzua. Ausazko ezezagun batek dio: bost kontraesan baino gutxiago dogmatismoa da.

Standard
Literatura, Politika

Naturala

Ezer babestu ala kritikatzeko balio ez duen abstrakzioa

Naturala (gizakien arteko egoera naturala) mesfidantza da; amaierarik gabeko gerra etengabea, erabateko kaosa. –bai, badakigu- Hala esan zigun Hobbes-ek XVII.mendean Leviatan obrarekin. Gabezia da naturala. Beldurra da naturala.

Eza dohain bilakatzen da mende baten ondorenean; dirutza bai, baina indar politikorik ez duten kapitalisten proliferazioak XVIII.mendeko iraultza liberal-burgesen arribatzea ekartzen baitu. Ilustrazioa. Arrazoia, progresismoa, argien mendea eta delakoak. Arrazoia egoera naturalaren korrelatua da orain (Rousseau). Hankabikoak baditu eskubide natural batzuk: jabetza pribatua (Locke etab.), nagusiki. Naturala bertutea da. Desberdintasun sozialak ere faktore naturalei dagozkienak dira; saiatuz gero aberastu zaitezke, denak eskubide berdinak baititugu; izaera orokorreko legeak. Lege pribaturik (pribilegio) eza. Norberekoikeria naturala da; onbidea.

Esan daiteke (dezaket, nire ezjakitea bide) gaurko honetan ere naturala denaren eta ez denaren baitan eginiko argudioek gauzen egoeraren jarraipena ahalbidetzea dutela funts. Beganismoa ziklo naturalaren aurka egitea da. Emakumezkoen homosexualitatea (gizonena modan jarri du telebistak) ere andrazkoen izaera naturalaren aurkako erreakzioa da. Erreakzionarioa da naturaltasunaren erabilera. Abstrakzio zehaztugabe bat pauta orokor gisan darabilkigu. Naturala tradizio bilakatu den pertzepzioa da, tradizioa natural bilakatu dena. Ahanzten zaigularik naturala gizakiak bere beharrekiko erreakzio gisan egiten duen oro dela. Bonba nuklear bat da naturala. Qatar da naturala. AHT-a da naturala. Ertzaintza da naturala. EAJ da naturala. Zezenketa da naturala. Ehiza da naturala.  Azpeitiko EH Bildu da naturala. Selfie makila bat da naturala. Gizakiaren ekintza erreaktibo guziak dira natural. Ergel erreakzionario baten arrazoiketaren funtsa da naturaltasuna, ezer babestu ala kritikatzeko balio ez duen abstrakzioa.

Standard