Buruz buru, Uztarria

Printzipioak

Gizakiak badu joera inguratzen duen guztia sailkatzeko. Ahalik eta sinpleago, hobe. Bizitza eta errealitatea inguratzen dituzten elementuak sinpleki azaldu ezean bere buruaren jarduna ere konplika baitezake. Ezezaguna ezagun bilakatzeko sailkatzen du. Bere burua berresteko, konfiantza hartzeko, bizitza errazteko. Ezer ezaren erdian beldurrez deanbulatzea baino okerragorik ez baitago.

Sailkapenak kokatu egiten du gizakia zentzu gehiegirik ez duen inguruan. Hemen ala han. Gurekin ala haiekin. Gizakiaren sailkatze obsesio horrek klasifikazio binarioak egitera eraman du askotan. Ateoa ala sinesduna haiz? Ezkerrekoa ala eskuinekoa? Zuria ala beltza? Muturreko joera oro ere arriskutsutzat hartu duenik izan da, eta halako hirugarren aldagai bat sortu duenik erdi-erdian; muturrak kaltegarriak direla eta zentroa bertutea dela azpimarratuz. Ateoa-agnostikoa-sinesduna, ezkerra-zentroa-eskuina eta abar.

Askok horizontalean trazatutako marra batean irudikatzen ditu aukera horiek, eta horrela bai; oreka zentroan aurkitzen dela dudarik ez. Kontua da inolako erdigune edo nukleorik gabeko amalgama amorfo bat dela ingurua: etengabe elkar hurbiltzen eta urruntzen dauden ideia eta posturen jarioa. Zentroa muturra bezain absolutua da. Ez dezala inork pentsa bestea baino gehiago denik, huraxe izango baita ergelkeriaren lehen zantzua.

Irakurleak ez luke jakin behar idatzi hau eta zure erreplika, Ramon, biok aurretiaz idatzitako testuen arteko talka ideologiko eta pertsonalaren ondorio dela; ez publikatzea erabaki dugun testu batzuen ondorena.

Ivan S. Turgenev-en eleberri bateko pasadizoa dakarkit gogora xextrak, nihilismoa Errusian eta munduan tipo sozial bezala lehenengoz identifikatu zuen idatziarena. Kutsu liberal frantsestua duen erromantiko bat da Pavel Petrovich. Bere iloba Arkadirekin ari da hizketan haren lagun Bazarov-i buruz.

̶ Bazarov zer dela diozu?

̶ Nihilista.

̶ Nola? Nihilista?… latinetik dator nihil, hau da: ezer eza. Beraz, ulertzen da hitz horrek ezer errespetatzen ez duen pertsona bat definitzen duela?

̶ Dena ikuspuntu kritiko batetik baloratzen duela. Autoritatearen aurrean ez dela makurtzen, fede-dogma gisan printzipiorik ez duela onartzen.

̶ Bueno, ba hori ez doa gurekin. Uste dut printzipioak fede-dogma bezala hartu ezean, diozun bezala, pauso bat ematerik ez dagoela, ez eta arnasa hartzerik ere.

Standard

Leave a comment