Abstentzioa, Politika

IV. Abstentzioa

kontua ez da, agian, gizarte libre batek instituziorik izango al lukeen edo ez, zer-nolako erakundeak beharko lituzkeen baino; behar izatekotan

«Gure zinegotziek hura eta bestea egingo dute». «Gure diputatuek halako eta besteko eskuratuko dituzte». «Gure diputatuek dekretatuko dute, sortuko dute, eraldatu eta sortu behar adina eraldatu eta sortuko dute». Halakoxea da atzoko, gaurko eta biharko irakaspena. Eta halaxe dirau -hala eskatuta- herriak, itxaron eta botoa eman behar duela ikasi du. Dena egina emango zaiola irakatsi zaio. Eta botoa ematen du, eta itxoin egiten du.

(…)

Eman boza, bai, baina aditu. Hemendik irten bezain-pronto zure aurren egitekoa zure kabuz jardutea izango da. Joan zaitez eta sor ezazu auzo bakoitzean eskola laiko bat, eraiki egunkari bat, liburutegi bat; kultur-zentro bat antola ezazu, sindikatu bat, langile-zirkulu bat, kooperatiba bat, oraindik egiteko duzun gauza askotatik zerbait egin ezazu. (…) Orain, besoak gurutzaturik eta boto-probidentziaren esperoan lotan zauden honetan, zinegotziek, diputatuek eta ministroek –oso erradikalak eta sozialistak izaki ere- diskurtso hutsen errutinan jarraituko dute, lege tentelen errutinan. Herri-formakuntza desiratuko duzu eta lehen bezain asto izaten jarraituko. Askatasuna erregutuko duzu eta soldataren uztaiari itsatsita jarraituko. Ekitatea, justizia, elkartasuna eskatuko dituzu eta lege-dekretuen nahaspila baino ez jasoko. Ez duzunaren eta behar duzunaren izpi bat bera ere ez duzu jasoko, ez dakizulako eta zeure gain hartu nahi ez duzulako.

Kultura nahi duzu? Askatasuna? Berdintasuna? Justizia? Ba segi ezazu eta erdietsi zerorrek, ez ezazu besteek zerorri ematerik nahi. (…) Zure emantzipazioa zure egintza izango da edo ez zara sekula santan emantzipatuko.

Eta orain joan eta eman boza; errematxatu zure katea.[1]

Zeure bizitza zeure egitea berau auto-gestionatzea da. Eta auto-gestioa zerbait bada, instituzioen logikatik emantzipatzea da. Bai, behintzat, instituzio garaikideetatik. Boza eman osteko jarduna, Ricardo Mellak (1861-1925) aditzera eman moduan, garrantzizkoa da, ezinbestekoa. Baina ez luke zentzu handirik gaur autogestioaz mintzatzeak bizitza des-auto-gestionatzen, politika perbertitzen eta gizartea estratifikatzen duen ente bati jaten ematen bagabiltza bihar.

Murray Bookchinek (1921-2006) adierazi legez, kontua ez da, agian, gizarte libre batek instituziorik izango al lukeen edo ez, zer-nolako erakundeak beharko lituzkeen baino; behar izatekotan. Munizipalismo libertarioa garatu zuen Bookchinek, lokala eta inter-lokala zentralismo burokratikoaren aurka. Horizontaltasuna (ahal den heinean) bertikaltasunaren aurka. Konfederalismoa, Proudhonek. Estatuaren antagonismoez ari gara.

Aurreko diagnostikoa atzematen erraza da. Baina ebidentea da gako ideologikoak daudela. Marxistek Estatua burgesiaren klase-menderakuntzaren isla gisan identifikatzen dute, eta -kuriosoena hauxe- aldi berean langileriaren interesentzako egokia litzatekeen dominazio-instrumentu bezala. Esan beharrik ez dago opresioa betikotzen duen eraldaketa bat besterik ez dela hori.

Txikia denak badu gehienetan barne-paradoxa inkontziente bat: handia izatea desio duela. Handiaren portaera erreproduzitzen duela. Horixe pasatzen zaio Euskal Herriari: zapaltzen duen egitura politiko berbera erreprodizitu nahian dabil itsututa.   Hori dela-eta azken hilabeteetako bonbardaketa gramscianoa. Hegemonia gora eta Estatua behera.

Unai Apaolazak ederto laburbildu zituen elektoralismoaren eta zentripetizazioaren arteko harreman intimoak duela pare bat hilabete Gara egunkarian.[2] Esan beharrik ez dago, EH Bilduk barnebiltzen dituen siglen maremagnum-ak kualitatiboan ez ezik kuantitatiboan ere atzerakada nabarmena jasan duela. Horren aurrean bilgarri berri bila zebilen Unai Apaolaza, etekinak emango dizkien konfrontazioan oinarritutako errelato erakarle baten bila.

Slavoj Žižek-en Event (2014) liburutik atera zuen bilgarriaren (enbalajearen) kontzeptua. Žižek-ek badu beste lan bat (Violence: six sideways reflections) zeinetan ondorio batetara iristen den. Batzuetan ezer ez egitea egin daitekeen gauzarik biolentoena dela. [3] José Saramagoren Seeing (Ensaio sobre a Lucidez, 2004) eleberritik atera zuen ideia Žižek-ek. Parabola ezinhobe bat irudikatzen du: hauteskunde-garaia da eta hiritarren gehiengo handi batek (%83ak) boto zuria ematen du.[4] Babes-ezaren aurrean, Gobernuak salbuespen-egoera ezartzen du, gauzen egoera irauli egiten da. Zergatik ez du Gobernuak jendea disolbatzen eta beste bat hautatzen? Galdetzen zuen ironiaz Bertolt Brecht-ek.[5]

Argi dago nora iritsi nahi dudan. Boza-eza ekintza politiko eraldatzailea da adierazi den guztiagatik, baina baita aurretiaz existitzen diren antolakunde politikoei berrasmatzea exijitzen dielako. Alderdi politiko moduan disolbatzeko exijitzen dielako. Hutsune instituzionalak beste esparruen betetzea esan nahi duelako. PNVk gobernatzea, paradoxikoa bada ere, iraultzaileagoa da EH Bilduk agintzea baino. Artalde obedientea azeri arretatsu bihurtzen delako.

[1] “Vota pero escucha”, Ricardo Mella. Solidaridad obrera #4, 1909ko abenduaren 25a, Xixon. Esteka: http://es.theanarchistlibrary.org/library/ricardo-mella-vota-pero-escucha

[2] “Bilgarria”, Unai Apaolaza. Gara egunkaria, 2015eko urriaren 22a. Esteka: http://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/bilgarria

[3] Žižek, Slavoj (2008): Violence: six sideways reflections. Picador, New York, 217.orria.

[4] Saiakeraren logika diskurtsiboari jarrai, boto zuriaren partez abstentzioa litzateke helburua. Boto zuria existitzen diren alderdi politikoen aurkako ekintza da, Estatua eta antolaketa politikoa onartzen delarik.

[5] “The election with no results”, Micahel Wood. Slate.com. Esteka: http://www.slate.com/articles/arts/books/2006/04/the_election_with_no_results.2.html

Standard
Abstentzioa, Politika, Uncategorized

III. Politika eta elitismo intelektuala; demokrazia garaikidearen aurka

Demokrazia modernoaren arrastoa hori da, finean: adituen gidaritzarik gabe dena pikutara doan sinesmena. Liderrari kultua. Alderdiari kultua

Aurreko pasartearen amaierarekin bat datorren zati hau ulertzeko komeni da pare bat konkrezio egitea demokraziaren kontzeptu garaikidearen inguruan. Ez dut uste etimologiaz eta esanahi historikoaz errepasorik egin beharrik dagoenik, eta zuzenean balizko definizio bat botako dut. Definizio schumpeteriano (J. A. Schumpeter, 1883-1950) bat: demokrazia kontzeptu prozedimental bat da. Botere politikoaren antolaketa konkretu bat, zeinetan (botere politikoaren antolaketa horretan) aginte-posizioan egongo direnak hautatzeko balio duen. Sistema politiko modernoetan agintariak aukeratzeko metodo bat da demokrazia, Estatua eta hauteskundeak direlarik elementu demokratiko nuklearrak.

Demokraziak esan nahi du herriak aukera duela agintariak onartu edo gaitzesteko.[1]

Demokrazia ez da, beraz, inolako balio moralik, egunero hedabideetan eta kalean iradokitzen den bezala. Demokrazia aukeraketa-metodo bat da, besterik ez. Preso politikoen existentzia ez da antidemokratikoa. Esklabotza ez da antidemokratikoa. Genozidioa ez da antidemokratikoa eta euskararen desagerpena ez da antidemokratikoa. Moralitatea eta demokrazia kategoria ezberdinetan daude. Eta komeni da hori ondo zehaztea, hitza xahutu eta esanahia kendu nahi ez bazaio, “lana”, “langileria”, “aurrerapena”, “errepresioa”, “inposizioa”, “askatasuna” eta abar luze baten gisan.[2]

Demokraziak, bada, badu beste adiera klasiko bat, esanahi garaikidearekin zerikusirik ez duena. Demokraziaren adiera klasikoak dio politika afera publiko bat dela. Alegia: pertsona guztiei dagokiela politikan parte-hartzea. Protagorasek (485 k.a – 411 k.a) Prometeoren mitoa kontatzen omen zuen printzipio orokor eta igualitario horren defentsan. Kontaketak dio Jainko grekoak munduko izaki ezberdinak sortzeari ekin ziotenean Prometeo eta bere anai Epimeteori eskatu zietela izaki lurtar bakoitzari gaitasun ezberdinak banatzeko, guztiak elkarrekin bakean bizi zintezen. Epimeteori gaitasun fisikoak banatzea egokitu zitzaion: indarra, azkartasuna, ahultasuna, urteko lau urtaroen aurrean bizirauteko eta jateko ahalmena eta abarrak. Modu orekatu batean egin behar zukeen banaketa Epimeteok, espezie ezberdinak euren artean suntsitu ez zitezen. Prometeo bere anaiaren banaketa ikuskatzera joan zenean, baina, ohartu zen animaliek bakarrik jaso zituztela gaitasun fisiko horiek. Giza-espeziea armagabe utzi zuen Epimeteok, hanka-hutsik.

Anaiak eginaren aurrean, Prometeok sua egiteko gaitasuna lapurtu zion Hefestori, eta jakintza praktikoa (éntechnos sophía) Ateneari. Gizakia babes eta errekurtso batzuez janztea zen asmoa. Azken bi ahalmen horiei esker gizakiak bazuen etxebizitza, janaria eta arropa lortzeko ezagutza teknikoa, baina ez zen nahiko animalien aurka borrokatzeko. Teknika politikoa falta zitzaien (Zeusen esku zegoena) eta horren faltan gizakiak ezin zuen hiririk sortu era baketsuan; bata besteari erasotzen amaitzen zuten, sakabanatzen, hiltzen.

Zeusek, gizakia desagertzeko arriskuaren aurrean, Hermes mezulariari eskatu zion euren artean zintzotasuna eta justizia (aidós kaí diké) banatzeko. Horixe baitzen hiri ezberdinen artean ordena eta laguntasun-harremanak garatzeko modu bakarra. Hermesek, bada, ez zekien zintzotasuna eta justizia arteak banatu ziren bezala egin behar zuen (medikuntzaren artea pertsona bati ematea, esate baterako, nahikoa da beste pertsona askorentzat), edota gizaki guztiei eman behar zizkien gaitasun horiek. Zeusek hauxe erantzun zuen: guztien artean, eta guztiek izan dezatela parte bertan. Gutxi batzuk izango balute horien parte, beste arteekin gertatzen den moduan, ez bailegoke hiririk.[3]

Mitoaren irakaspena argia da; ez da demokrazia atikoa berez izan zena babesten ari, politika profesionalaren aurka egiten baino. Politikaren kontzeptu elitistaren kontra egiten du mitoak. Demokrazia garaikidearen aurka egiten du. Politika gizatalde esklusibo batek bere gain hartzearen aurka. Eraikin bat tente jartzeko ez da beharrezko denek arkitektura jakitea, batekin nahiko, baina era harmoniatsu batean bizitzeko, bizitzak berak eskuetatik ihes ez egiteko, komenigarria da denok parte-hartzea politikatik.

Kontua da XVIII. mendeko ordezkaritza aristokratikoaren elezaharrak hor dirauela. Parlamentua ez baita gizartearen ordezkaritza, herriaren erreplika inteligenteago bat baizik.

Ordezkaritzak iragazki baten lana burutzen du: interes partikularrak bikaintzen ditu. Ordezkariek, euren jakituria medio, hobeto bereizi ditzakete nazioaren benetako interesak. Ordezkarien abertzaletasunak eta justiziarekiko maitasunak zailago egingo du euren ekintzak iragankortasunetan eta interes partikularretan erortzea.[4]

Eta hori da, agian, egungo zibilizazioen garapenak utzi duen aztarna sakonena: espezializazioa. Autoritatea indartu eta burujabetasuna zulatzeko erreminta da espezializazioa. Delegazioa legitimatzen du espezializazioak. Gizabanakoa unitate bezala baliogabetu egiten du gaitasunen banaketa sistemikoak. Ezdeus bilakatu gaitu espezializazioak: dependente. Demokrazia modernoaren arrastoa hori da, finean: adituen gidaritzarik gabe dena pikutara doan sinesmena. Liderrari kultua. Alderdiari kultua. Horregatik da beharrezkoa autogestioa, errealitate makur honi kontrapuntu moduan. Betiere osotasuna ezinezkoa dela baina esklusiboa ez dugula nahi jakinik.[5]

[1] Schumpeter, J. A. (1984): Capitalismo, socialismo y democracia. Folio, Barcelona. 343.orria.

[2] “Of Jargon, Cant, & Gobbledygook”, Lawrence Jarach, A Journal Of Desire Armed #60, 2005.

[3] Abellán, Joaquín (2012): Conceptos políticos fundamentales. Alianza, Madrid, 42-44 orriak.

[4]Abellán, Joaquín (2011): Democracia. Alianza, Madrid. El concepto moderno de democracia kapitulutik aterata, XVIII.mendeko federalista amerikarrei egotzitako ideiak dira.

[5] Intelektualismoaren eta espezializazioaren ikuspuntu kritikorako: Contra la democracia, Grupos Anarquistas Coordinados (2013) liburuko 44-47 orriak; eta Ni intelectualismo ni estupidez, Willful Disobedience Vol. 2, No. 11.

Standard
Abstentzioa, Politika, Uncategorized

II. Luhmann eta kontra-zirkularitatea: despotismo berria

Inguruan jazo zenaren eta denaren inguruko pertzepzioa galdu da. Inork ez daki nola iritsi garen hona

Niklas Luhmannen (1927-1988) sistema politiko autopoietikoen teoriak ondo irudikatzen du egungo sistema politikoen antzutasun estruktural hori -nahiz eta berak zentzu hori eman nahi ez izan-. Sistema autopoietiko bat hauxe da, xehean: sistema bat zeinaren parte diren elementuak autokontaktuz erreproduzitzen dituen sistemak berak.

Autopoiesiak auto-kontaktuan bakarrik egin ditzake eragiketak; burututako beste eragiketekin sintonian. (…) Hala, sistemak egin dezakeen guztia bere barna jazotzen denak determinatzen du (…) kate baten parte bailitzan, erabaki bakoitza dependientea da, interkonektatuta dago.[1]

Botere politikoak jasandako trantsizio historikoa hartu behar da kontuan aurrena. Bidimentsionala izatetik (estratifikatua) tridimentsionala (funtzionala) izatera igaro baitzen modernitatearekin batera. Sinpleago esanda: sistema politiko absolutistetako aginte-obedientzia eskemak atzean utzi eta zirkularitate dinamiko batera igaro da. Administrazioa (gobernua), Politika (parlamentua) eta Publikoa (hautesleria) ezberdintzen dira orain. Logika honakoa da: Publikoak Politikan eragiten du hauteskundeen bidez; Politikak mugak eta lehentasunak ezartzen dizkio Administrazioren erabakiei; eta, azkenik, Administrazioa bere buruari uztartzen zaio hartutako erabakiekin (output). Hori hala, Publikoak zirkuluari jarraipena ematen ahal dio output horiei orotariko erantzunak emanez (direla manifestazioak eta abar). Inolako erdigunerik gabeko sistema bat sortzen da, bere kabuz auto-orientatzen dena (ikusi Bat ilustrazioa).[2]

Sistema politiko modernoen zirkularitate dinamiko horri bi arazo nagusi aurkitzen dizkio, baina, Luhmannek. Aurrenekoak dio: zirkularitate horrek, egiazki, kontra-zirkularra izateari ekiten diola. Hau da: Administrazioa da aurrenik Politikarako proiektuak ekoizten dituena eta parlamentua kontrolatzen duena; ex post, Politika da Publikoari zer eta zergatik aukeratu iradokitzen diona; eta Publikoa da, azkenik, Politikaren eta iritzi publikatuaren aurrean limurtzen dena (Bi ilustrazioa).

Bigarrengo ahulgunea azaltzeko kontuan hartu behar da etengabe berrelikatzen ari den sistema politiko autopoietikoa azpi-sistemez osaturik dagoela, sistema / azpi-sistema horiek errealitatearen konplexutasuna murrizten dutelarik. Errealitatea (ingurua) konplexua da eta konplexutasun hori errazteko kode dikotomikoak erabiltzen dira. Sistema politikoaren kasuan, kodeak botere-politikoaren eta botere-politiko-ezaren inguruan joango dira. Boterea eduki / ez eduki horren barruan beste azpikode batzuk egongo dira: gobernua / oposizioa eta ezkerra / eskuina. Hori da bigarren kritikaren abiapuntua. Adibide paradigmatiko bi, honakoak: atez-atekoa (ez) ezartzea ez da ekintza ekologiko bat eta Kortxoenearen aldeko adierazpen instituzional bat (ez) egitea ez da autogestioaren inguruko adierazpen bat. Biak botere politikoari (botoei) eragiten dioten ekintzak besterik ez dira.

Errealitatea perbertituta dago. Kode binario horien bitartez ez dago arazoak konpontzerik. Errealitatea sinplifikatu den momentuan errazegi heltzen delako erabakiak hartzera, edota zuzenean erabakirik ez hartzea hobesten delako.[3]

Errealitate konplexu bat antagonismoetan sinplifikatzeak badu ondorio zuzen bat: edukiz hutsa den barne-zirkulu bat sortzen dela. Zuk nahi duzuna egingo dut baldin eta zuk nik nahi dudana egiten baduzu. Inguruan jazo zenaren eta denaren inguruko pertzepzioa galtzen da. Inork ez daki nola iritsi garen hona.

Botere politikoaren metatze elitista horri, bai eta errealitate politikoaren antzutasun zirkular horri despotismo berria deitu izan zaio (lord Hewart).[4] Eta zer da, bada, feedback-ik eta erantzulerik ez duen fluxu hori? demokrazia despotikoa.

[1] Luhmann, Niklas (1993): Teoría política en el Estado de Bienestar. Fernando Vallespín-en itzulpena. Alianza, Madrid, 54.orria.

[2] Ibid., 64.orria.

[3] Ibid., 58.orria.

 [4] Ibid., 65.orria.

Standard
Abstentzioa, Politika

I. Kontratu soziala, ordezkaritza eta gehiengoaren falazia

Gu gabe ezer ez direla dakitenek beraiek gabe ezer ez garela sinetsarazi digute

Locke (1632 ̶ 1704) inoiz baino biziago dago. Estatu liberalaren zimenduak inoiz baino egonkorrago dauden moduan. Egon lasai, fededunok/demokratok, kontraktualismoa ­-inork eta denek (hankabikoak, gizarteak eta Estatuak, alegia) sinatu duten kontratu sozial hori- baita dogma ukaezin berria.

Dio Lockek: bada egoera natural bat zeinetan hankabiko guztiak berdinak eta askeak diren eta autoritate politikoa duten. Egoera natural horretan badaude eskubide natural batzuk, lege naturalak teorikoki babesten dituenak: hankabikoen askatasuna, berdintasuna, jabetza-eskubidea eta bizitzarako eskubidea, besteak beste. Kontua da ordena naturalak ezin dituela eskubide natural guzti horiek praktikan bermatu. Gizona otsoa baita gizonarentzat Hobbes (1588 ̶ 1679)- . Egoera natural horretako lege naturala ez da behar bezain espezifikoa eta ezin zaio gaizkileari gainjarri berau hausten duen bakoitzean. Arazo horren aurrean sortzen da kontratu sozialaren teoria. Hau da: autoritate politikoa berez duten hankabiko horiexek dira Estatu zibila sortzen dutenak eta Estatuari berari euren autoritate politikoa transferitzen diotenak, hark eskubide natural horiek berma ditzan.[1]

Autoritate politiko horren transmisioak hankabikoa hiritar bihurtzen du, komunitate politiko bateko kide. Eta horrekin bat dator egungo falazia demokratikoaren funtsetako bat. Gutxiengoa gehiengoari subordinatzea onesten da.

Gehiengoarekiko sumisioa paktu sozialarekin bat dator, bestela, hankabikoak kasu puntualetan bakarrik onartuko balu sumisioa, paktu sozialaren aurreko estadio libre horretara itzuliko litzateke; egoera naturalera.[2]

Rousseau (1712-1778) antagoniko baten nahimen orokorraren teoria gaizki ulertu bagenu gisan, egun oraino gehiengoaren nahiarekin nahasten dugu nahimen orokorra. Kontua ez da, baina, Rousseau gaizki ulertu dena -ez baita gaizki ulertu (izaera orokorreko ordenamendu juridikoa baitzen harentzat nahimen orokorraren kristalizazio faktikoa)-. Kontua da nahimen orokorra kontzeptu deskriptibo bezala ez dela existitzen eta sekula ez dela existituko. Ez da existitzen herririk. Ez dago egungo estatuen mailan ordezka daitekeen ezer homogeneorik eta are gutxiago berarentzat ona den kausa orokorrik. Teoria klasikoa oker dago. Gu gabe ezer ez direla dakitenek beraiek gabe ezer ez garela sinetsarazi digute. Eta erabat hobbesiarra da eraikuntza. Ez dago herririk ordezkaritzarik gabe. Ordezkaritzaren bitartez ematen zaio forma eta batasuna gizabanakoen masa amorfoari. Ituna bikoitza da: hankabikoa/gizartea eta gizartea/Gobernua-. Alegia: Gobernuak moldatzen du gizartea, eta gizarteak hankabikoa.

Eta esplizita dezagun inplizitua: irudi du instituzioek eginen dutela herria ezkertiar, euskaldun. Edo okerragoa dena, hankabikoak ordezkaritza politiko baten beharra duela bere bekatuak garbi ditzan. Narratiba iraultzailea (ekologista, feminista eta, oro har, antikapitalista) duen politiko profesionalen talde bati bi urtean behin botoa ematea da egungo iraultzaileen salbazioa. Sentsibilitate sozial eta politikoa dutenentzat katarsia dira hauteskundeak. Berdina egiten jarraitu eta lo ondo egiteko edabea. Zirkulu biziosoa da.

Ekintza politikotzat duguna (botoa ematea) uste horren beraren antitesia da. Hala, esan beharrik ez dago: hankabikoak bere gainean kokatzen den ente artifizial bati autoritate politikoa transferitzen dion momentuan, hankabikoa bera subjektu politiko izatetik objektu politiko izatera igarotzen dela. Ezer ez dago jada bere esku. Hankabikoa ez da bere bizitzaren jabe; botere politikoa saldu du, bai eta erantzukizuna ere. Eta kontua ez da kritika egiteagatik egitea. Inoiz baino katolikoagoa da ezker tradizionalaren (akolitoena eta fededunen-jarraitzaileena) morala. Atsotitza hankaz gora dago: Boza eman baduzu, ez kexu izan.

Etengabeko fikziozko jario narratibo baten aurrean gaude. Antzutasun zirkular bat atergabe hauspotzen. Eta agortasun faktual hori (ezer aldatu gabe berdina egiten jarraitze hori) ez da, jada, pertsonekiko dependentea den aldagai bat. Intentzio hoberenekin joan arren Estatuak ez du mekanismorik egungo kolapso sozial, politiko, ekonomiko eta ekologikoari erantzuteko. Eta baieztapen hori frogatu beharrik ere ez dago. Axiomatikoa da. Narratiba iraultzaile klasikoen langileria-burgesia eskemek ez dute (heinean) balio. Klase-dominantea mendebalde oparoa da; gizona; zuria eta langilea; burokrata.

Gaitza estrukturala da.

[1] Fabienne, Peter (2014): Political legitimacy. The Stanford Encyclopedia of Philosophy (Winter Edition), edited by Edward N. Zalta. Esteka: http://plato.stanford.edu/archives/win2014/entries/legitimacy/

[2] Locke, John, (1690): Second Treatise on Civil Government, C. B. MacPherson-en edizioa, Indianapolis: Hackett, 1990.

Standard