Kazetaritza

Kazetaria eta harria

Kazetariak ez du interferitzen gauzen ordena kosmologikoan eta utzi behar zaio nahi duena egiten; onaren eta txarraren gainetik dago

Sokratesek asmatu zuen etika diziplina moduan. Giza-jokabidearen nolakotasunean zentratuko ziren sokratikoak. Ontasuna zen balio maximoa. Onaren bitartez egin zitekeen bat zoriontsu. Baina ona egiteko modu bakarra jakintasuna zen; gaizkia egiten zuten bakarrak ergelak behar zutelako. Gaizkile eterno izatera kondenatu zuen gizakia Sokratesek. Jakituria, ontasuna moduan, Jainkoen atributu berezkoa baino ez baitzen.

Zoriontasuna gaur egun zer den jakin inork ez daki, ez eta ontasuna ere, ezpàda iragarki edo serieren batean zerbait ikusi duelako. Sakontasun hutsaleko eta gutxieneko hausnarketarik gabeko leloek konformatzen dute giza-akzioen marko etikoa: zibismoa zibismoagatik, inork ez dakien arren oso ondo zertan datzan horrek, eta zergatik jokatu behar duen modu hortara.

Inolako azalpenik behar ez omen duen horietako epigrafe bat da informatze-eskubidea. Eta hemen ez da inportantea zertan datzan informatzeko eskubide horrek, hemen inportantea askatasun hori aldarrikatzen duen kazetariaren figura da. Kazetariak badaki zer den ona: informatzea da ona, lan egitea da ona. Horretarako behar du askatasuna.“Nire lana egiten ari naiz!”, oihukatzen dio ertzainari Kazetariak; “ez nazazu ni jo! Beha ezazu nire akreditazio-txartela!”. Ontasunaren pertsonifikazioa dela uste du Kazetariak, edota onaren eta txarraren gainetik dagoela, ente jainkotiar bat bailitzan. Komikoena da Kazetaria ez dela ohartzen ertzaina ere bere lana egiten ari dela. Kontradikzio horri onbidea emateko moduetako bat da onartzea biak ari direla ondo, edota bai ertzaina eta bai Kazetaria ari direla gaizki, biak ari baitira beren lana egiten. Zentzudunena, hemen, oinarrizko baieztapena ukatzea da; onartzea lana egiten aritzea inolako pisu argumentatiborik gabeko deskripzio bat dela; poesia-lerroren batean ipintzeko modukoa, izatekotan. Lana egiteak ez du ontasun kondizioa atxikitzen.

Kontradizkioa uxatzeko beste modua da interpretatzea Kazetariaren lana besteena baino hobea dela; sakratua, jainkotiarra. Kazetariaren figura ontasun gorena da eta horregatik ezin du inork oztopatu bere jarduna. Kazetaria besteak baino jakintsuagoa da. Kazetaria hemen ez da gizakia, giza-errealitatearen gainetik lebitatzen ari den titan bat baizik. Kazetariak ez du interferitzen gauzen ordena kosmologikoan eta utzi behar zaio nahi duena egiten, baldin eta hankabiko zatiezin batek XVIII.mendetik hona berezko ei dituen eskubideren batekin gatazkan sartzen ez bada. Hori da muga bakarra, uste du: ohore intimoa. Baina beragatik izan balitz, edozer grabatuko luke Kazetariak. Bai eta Sokratesen suizidioa ere:

K: Sokrates, zeintzuk dira zure azken hitzak hil aurretik?

S:  Gogorarazi nahi diet Kriton-i eta ikus-entzuleei oilar baten zorretan garela Asclepio-rekin.

K: Oso ondo, Sokrates. Agur eta zorte on zure proiektu berrian.

Newtonek ez zuen ezer berririk deskubritu bere Grabitazio Unibertsalaren Legearekin XVII.mendean. Sagar bat soltatuz gero lurrera eroriko dela aurre-historiako gizaki ergelenak ere bazekien. Newtonek fenomeno ezagun baten zergatia azaldu zuen: nola  elkarrekintza eta indar grabitatorioek masen elkar-erakarpena eragiten zuten.

Kazetariak ez du uste bere informazio-apeta zekenak gauzen egoera kosmologiko horretan interferentziarik egin ahal duenik. Ez du uste bere lekukotasun objektiboak gauzen egoera ordenatu batean inolako eraginik izan dezakeenik. Kazetaria ez da kontziente bere argumentarioaren hustasunaz. Kazetaria ez da jabe eragiten duen perbertsioaz… Leioako ikasle-istiluetan harri batek buruan jotzen duen arte. Newtonen sagarraren moduan, orduan konturatu ahal da bere tokiz-kanpotasunaz. Orduan, baliteke Kazetaria bere amets kanonikotik esnatzea eta zergatietan pentsatzen hastea. Ea zer egiten ari den hor, eta zertarako balioko duen egiten ari denak. Baina ez: probableena horrelakorik ez gertatzea da: Kazetaritzaren beharraren, adierazpen askatasunaren, objektibotasunaren eta euren jakintasun gremialaren leloarekin gainontzekoak aspertzea. Ez dakitelarik, eurek ere, zer esan nahian dabiltzan guzti horrekin.

Standard

Leave a comment