Buruz buru, Uztarria

Erantzunak

Nire erantzunaren zain ote zauden nabil dudatan, ustea baitut planteatu dituzun galderak, erretorikoak izatetik haratago, formulatzearekin bat utzi dituzula erdi-erantzunda. Kontestatu egingo dizut nik, hala ere:

“Erabakimenik ez duen” ente gisa definitu duzu herria. Gustatu zait obserbazioa, oraindik bai baitago jendea munduan zehar herri bat existitzen dela eta berau soberanoa dela uste duenik. Eraikuntza Hobbesiarra da: ekintza gauzatzen duena Aktorea da, eta berau egiteko autoritatea eman diona, berriz, Autorea. Aktorea eta Autorea pertsona bera izan ez arren, aktoen erantzukizuna beti izango da Autorearena, autoritate politikoa transferitu baitio aurretiaz. Horra hor kontratu soziala: Estatuaren jarduna herriaren jarduna izango da beti. Estatuak gaizkia eginez gero, gaizkia egiaz egin duena ez da Estatua, herria baino. Rousseau eta Locke-ren aldaketa txiki batzuen gora-beheran, oraindik indarrean dirau Estatuaren justifikazio filosofiko horrek. Herria da subjektu politikoa.

Teoria horri hauteskundeen presentzia erantsi behar zaio azken hamarkadetan. Hor transferitzen baita autoritatea. Kontua da urteotan batzuk konturatu direla hauteskundeen kontuak ez lukeela aski izan behar Aktorea autorizatzeko. Demos-aren indarra ezin omen dela botora mugatu. Eta erreferendumen moda birjaio da: demokrazia zuzenaren mekanismo ezagunena. Baina herri-galdeketekin hiru problema daude: (1) egungo sistemaren burokratizazio-mailarekin ezinezkoa da afera guztiei buruz galdetzea; (2) horrek galdeketak oso gutxitan eta modu arbitrarioan egitea eragiten duela; (3) iragazkia igarota ere, galderak aurretiaz erantzunda egoten direla. Hau da: ez duela Aktoreak autoritate politikoa erreklamatzen, bere akzioak justifikatu nahi dituela baizik.

Ezer ez aldatzeko galdetzen da. Edota kioskorik nahi ote dugun edo ez jakiteko. Bigarren hori eredugarria den entretenimendu-ariketatzat hartzeko modukoa da, beste ezer ez.

Aberriaz eta abar elkar-galdetu beharko genukeela diozu. Gure zilborra ez den beste edonoren erantzunik jakin nahi izango bagenu bezala. Bada, neure buruari erantzungo diot. Isaiah Berlinen sailkapena erabiliaz, diot ez naizela nazionalista, ez baitut nazioaren beharrik inguratzen nauenari zentzua emateko. Bestalde, kontzientzia nazionala dudala ere badiot, baloratzen baititut euskal nazioa osatzen duten balio objektiboak: hizkuntza eta usadioak, behinik behin. Azkenik arestiko esaldira itzuliko naiz: Herriak erabakimenik ez du, beraz Hobbes eta enparau ukatzen ditut. Ez gara subjektua, objektu politikoa baizik. Kontua da askatasuna balio absolutu bezala kimera dela eta demos honek erakusten didala sumisioa inolaz ere harrikatu beharko ez litzatekeen balio bat dela.

Standard